7 nov 2008

Emakumeak eta medikuntza

Duela pare bat aste Arantxa Iraola kazetariak elkarrizketa egin zion Carme Valls-Llobeti, medikuntza genero ikuspegiaren ildotik aztertzeko. Mugimendu feminista aspaldi ari da aldarrikatzen osasun sistemak ez dituela emakumeak behar bezala artatzen eta tratatzen. Ez naiz aditua gai honetan, baina iruditzen zait elkarrizketak giltzarri pare bat ematen dituela. Interesa baduzue, gainera, urriaren 14an Maria Alvarez-Liresi elkarrizketa argitaratu zuen Berrian, Arantxa Iraolak egina ere bai; oso nteresgarria erle erreginaren sindromeari buruzko komentarioa.



«Emakumezkoen ahotsa isilarazteko modu bat da psikofarmakoena»

Arantxa Iraola
Donostia


Carme Valls-Llobet sendagileak Katalunian dihardu, eta Emakumea, Osasuna eta Bizi Kalitatea programa zuzentzen du bertan. Lehengo astean, Donostian izan zen Emakundek antolatutako Sare kongresuan; Emakumeen gorputzaren medikatzea eta gutxiagotasunaren normalizatzea hitzaldia eman zuen.

Medikuntzak, osasun zerbitzuek, emakumeen premia eta berezitasunak ez dituztela kontuan hartzen diozu. Zertan igartzen da, batez ere?

Urte askoan, ikerketa lanetatik kanpo geratu dira emakumeak. Aski nabarmentzekoa da, esate baterako, 1993. urtera arte ez zirela kardiologiako ikerketetan emakumeak sartu, eta kontuan hartu behar da bihotzeko eritasunak direla heriotza kausarik handiena emakumeengan. Sarri askotan, soilik haurrak izateko izaki bezala hartu dira emakumeak aintzakotzat, eta osasunaren beste hainbat ikuspegitatik ikusezinak izan dira...

Emakumeek jasaten duten gutxiagotasuna dago medikuntzaren portaera horren atzean...

Nik uste dut baietz. Inkontzientean normaltzat hartzen da emakumeek hematies gutxiago izatea, hezur ahulagoak izatea,edo burdin gabeziarekin lotutako arazoak sarriagotan sufritzea... Ematen du Jainkoaren aginduz dela hori horrela, eta horrela izan behar duela, gainera. Baina egungo ikerketek agerian laga dute hori beti ez dela izaten horrela eta, askotan, informazio aski nahasia eman duela ikuspegi horrek. Generoa aintzakotzat hartu gabe jokatzen bada, gutxiagotasuna betikotu daiteke, eta benetan min handia egin.

Oso antzinatik datorren kontua da...

Neolitiko aroan emakumeok jainkosak ginela diote, baina, gero, hortik aurrera, patriarkatuak berehala bidali gintuen etxera... Urte askoan, emakumeek egiten zituzten manifestazioak histerikoak izan zirela esan zuten. Gaur egun sarri esaten da gaizki daudela, eta psikofarmakoak erruz ematen zaizkie. Egoera hain da larria, emakume askok beren burua diagnostikatzen dutela: «Depresioa dut». Eta emakumezkoen ahotsa isilarazteko modu bat da hori, psikofarmakoena. Horrela ez da lortzen bizitza kalitatea hobetzea.

Psikofarmakoak maizegi ematen zaizkie emakumeei, beraz?

Adibide aski argia dira fibromialgiak jotako emakumezkoak; ez dago argi nondik datorren eritasun hori, baina egunean zazpi psikofarmako hartzen dituzte gaixo askok. Askotan, lasaigarriekin eta depresioaren aurkako botikekin tratatzen dira ondoezak, ezinegonak, eta ahaztu egiten da askotan zio soziala izan dezakeela ondoez horrek; atzean, genero indarkeria egon daiteke, edo etxekoen zaintza lanek eta estresak ekar dezaketen arazo klaseren bat.

Beste kritika bat ere egiten duzu; emakumeen sintomekin medikuak mesfidatiagoak izaten direla diozu, ezta?

Bai, emakumeen kasuan, sarri askotan, aurkezten dituzten sintomak zerbait psikosomatikoa direla pentsatzen da, eta diagnostikoa egiteko inolako probarik egin gabe bidaltzen dituzte etxera. Gizonezkoen kasuan, ez da izaten horrela; askoz ere lehenago egiten zaizkie proba diagnostikoak.

Ikerketa klinikoetan, behintzat, hasi da errealitatea aldatzen...

Bai, azken 15 urte hauetan egoera aldatu egin da. Orain, nazioarteko argitalpen garrantzitsuenek soilik emakumeak ere sartu dituzten ikerketak argitara ematen dituzte, bestela atzera botatzen dituzte, eta ikerketa berriro egiteko eskatzen dute, emakumeak ere kontuan hartuta. Egokiena, medikuntza, oro har, genero ikuspegia aintzakotzat hartuta egitea litzateke, baina modu zabalean, emakumeen bizitzako hainbat ezaugarri kontuan hartuta: haurrak dituzten, estresak jota dauden, lanean ari diren, inguruan aintzakotzat hartzen dituzten... Guztiak du eragina osasunean, dena bihurtzen da, lehenago edo beranduago, bizkarreko min.

Neskatoei uteroko lepoko minbiziaren kontrako txertoa jartzen hasi dira hainbat lekutan. Kritikoa zara zu. Zergatik?

Txerto horren gaineko moratoria eskatzeko bat egin dugu 4.000 sendagilek; ikerketa falta da, eta pentsatzen da txerto hori jartzean zenbait eritasun autoimmune garatzen dituela. Gainera, egun dagoen txertoak ez du balio eritasunaren aldaera guztientzat; aurki espero da aldaera guztientzat balioko duen txertoa.

Haurdun geratzeko arazoak maiz lotzen dira egun amak izaten duen adinarekin, gero eta zaharrago izaten baitira haurrak. Baina, endokrinologo gisara dituzun ezagutzetan oinarrituz, inguru kutsatuak duen eragina ere nabarmendu egiten duzu zuk...

Adinaren garrantzia erlatibizatu egiten dut nik, bai. Lehen, gure amonak maiz erditzen ziren 40 urteak konplitu eta gero ere, inolako arazorik gabe. 10-11 haurreko familia haietan maiz izaten zituzten haurrak edadetuta. Egun, ordea, bikote gazteek ere sarri izaten dituzte arazoak haurrak izateko; gizonezkoen artean, haziaren kalitatea eskasten ari da, eta, emakumeen artean, obulatzeko zailtasunak izaten dira. Arazo horietan eragin behar da.

1 comentario:

June Fernández dijo...

Asko kezkatzen nau gai honek -emakumeen osasunaren medikalizazio bortitza, alegia- eta sarean ere hitzegin dugu. Valls-Llobetik esan bezala, ikustezinak izateaz gainera, psikofarmakoekiko dependentziara bultzatzen gaituzte.

Beatriz Preciado bezalako hainbat egile feministek feminitatea eta emakumeen izaera kontrolatzeko tresna patriarkalak direla uste dute. Elkarrizketan faltan bota izan dut menopausiaren kontua (hilekoarena bebai...), baina horretaz aparte, primeran dago.