24 nov 2008

Genero indarkeria hedabideetan

Hona hemen Azaroak 25-a dela eta idatzi dugun artikulua:


Kazetarion Berdinsarea (Genero Ikuspegia duten Kazetarien Euskal Sarea) osatzen dugunok biziki kezkatuta gaude hedabideek genero indarkeriari ematen dieten tratamenduagatik. Askok “indarkeria matxista” kontzeptua bere egin duten arren, oro har, gertakari isolatuak bailitzan aurkezten dituzte gizonek emakumeei egindako tratu txarrak, erasoak, bortxaketak eta hilketak. Gure ustez, ordea, arazoaren jatorrira jo behar dugu kazetariok, eta argi azaldu emakumeen aurkako indarkeriaren oinarria sistema patriarkalean eta genero desberdintasunean dagoela, hots, historikoki gizonek emakumeak mendean hartu izanaren ondorio dela.

Hedabideek nolabait iritzi publikoa gidatzen eta eztabaidak gizarteratzen dituzten aldetik, kazetariok ardura handia dugu auzi honetan. Jendarteak ulertu behar du denoi dagokigula bortizkeria sexista eta emakumeekiko diskriminazio oro desagerraraztea; hedabideok gure eguneroko jardunean genero ikuspegia txertatzen badugu, mezu hori plazaratuko dugu, eta gai horren gainean gogoeta egitera bultzatuko ditugu zenbait gizon eta emakume. Hori dela eta, gaur, azaroak 25, Genero Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, hausnarketarako deia egin nahi diegu genero indarkeriari buruzko informazioa tratatzen dutenei, baita informazio horri nolako tratamendua eman erabakitzen dutenei ere.

Izan ere, ezin diegu emakumeei indarkeria sexistaren errua egotzi. Ezin ditugu tratu txarrak salatzen ez dituzten emakumeak estigmatizatu, bizi duten egoera tamalgarri eta arriskutsuaren errudun bihurtu. Aldiz, genero indarkeria jasaten duten andreek bikotekideekiko mendekotasun psikologiko eta, sarritan, ekonomiko larria dutela azaldu behar dugu, eta horrek erasotzaileari aurre egitea eragozten diela nabarmendu. Ahalegin berezia egin behar dugu, gainera, etorkinen, prostituten, gazteen edota diskriminazio bikoitza jasaten duten beste emakumeen egoeren berri ematerakoan. Halaber, genero indarkeria jasaten duten emakumeak biktimizatu ordez, eredu positiboak helarazi behar dizkiegu, tratu txarrak salatu eta gainditu dituzten andreena, esaterako.

Era berean, ezin ditugu gizonen jarrera sexistak eta ekintza bortitzak justifikatu. Kazetarion Berdinsareko kideok haserre handiz irakurri eta entzun ditugu horrelakoak, genero indarkeriaren ondorioz hildako emakumeen kasuez jardutean. “Zorrek itota” omen zegoen urrian Santurtzin zendutako Doccas Daviden bikotekide eta ustezko hiltzailea, hainbat berripaperetan irakurri genuenez. Eta behin eta berriro esan digute uztailean Iruñean zendutako Nagore Laffageren ustezko hiltzailea gizon “ona”, “normala” eta “langilea” dela. Adierazpenon ondorioz, badirudi genero indarkeria kasualitatez gertatzen dela, haserrealdi baten ondoren, eta ez jendartean sustraituta dagoen eredu sexistaren eraginez.

Ildo horretan, harrigarria iruditu zaigu hainbat hedabidek “hilketa pasional” kontzeptua erabiltzen jarraitzea. Hau da, batzuen ustez, pasioak bultzatzen ditu gizonak emakumeak erasotzera. Nolako kontzientzia hartu behar du jendarteak hedabideetatik horrelako ideiak plazaratzen baditugu? “Etxe barruko indarkeria” edo “bikotekideen arteko indarkeria” kontzeptuak erabiltzeak ere erasoen jatorri sexista lausotzen du.

Gertakari bortitz bat deskribatu ordez, kazetari batzuek datu globalak ematen dituzte eta, testuinguruaren berri emateko, iturri adituetara jotzen dute. Lankide horiek zoriondu nahi ditugu, eta gure eskerrona adierazi. Kazetarion Berdinsarea osatzen dugunok guri egindako erasotzat sentitzen dugu emakumeek jasandako oldar bakoitza. Horiei buruzko informazio zuzena eta arduratsua eskainiz, genero indarkeria gaitzetsi eta emakumeei elkartasuna eta babesa adieraziko diegu.

Maite Asensio eta June Fernández, Kazetarion Berdinsarea-ren kideak

2 comentarios:

June Fernández dijo...

Berrian eta Deian argitaratu dute gure artikulua!

http://www.berria.info/paperekoa/iritzia/2008-11-26/005/009/Genero_indarkeria_hedabideetan.htm


http://www.deia.com/es/impresa/2008/11/26/bizkaia/iritzia/518180.php

Anónimo dijo...

Fernando Aramburu idazleak bere blogean, bere liburuaren aurkezpen bai buruz:
"Me flanquearon hembras a la mesa. Estaba, pues, como en casa. Es que congenio con el rebaño cuando es bello y huele bien".